XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Linguistika eta matematika Txillardegi Gero eta maizago gertatzen da gaur, linguistikari buruzko liburu bat eskuetan hartu, eta... ekuazioak, matrize erako ikur-zutabeak, multzo-ebaketak, ulerkuntza zaila duten eskemak eta irudiak, eta abar, aurkitzea.

Hizkuntz jakintzak Giza-Zientzien aintzindaritza beregana bildua duenez geroztik, zaildu egin bide da; eta zorroztu ala, matematikorrago ere agertzen zaigu.

Linguistikaren sail edo adar batzuk bultzatzen dute batera alderdi horretara: 1.Linguistikaren alorrean Estatistikak eragin dituen ikerketak daude batetik: hitzen edo fonemen maiztasunak (Zipf-en legeak bereziki), idatz-moldeen zenbatasunezko azterketak, eta abar.

Azterketa horiek ondorio garrantzitsuak izan dituzte maila batzutan: hizkuntzen irakasbideen prestaeran, hizkuntza barruko koerlazio-bilaketan, eta abar.

2. Badago ere, bigarrenik, mezuen igorpenak berak Telekomunikazio-Teknikan sortu duen Informazio-Teoriaren eragina.

Markov-en kateek eta Shannon-en teoremek, horretara, beren matematika-kutsua utzi dute Linguistika berrian: entropia, bit unitatea, erredundantzia, logaritmo bitarren beharra, eta abar.

3. Badago, hirugarrenik, nahiz bere funtsean kritikaturik ere, Glotokronologia deritzon ekarpena.

Swadesh-en teoriaren arabera, eta oinarrizko hiztegiaren kantitate-azterketa eginda, jakin daiteke jatorri bereko bi hizkuntza desberdin (greziera eta armeniera, eman dezagun) noiz berezi ziren.

4. Multzoen Teoria izan da laugarren bultzatzaile bat.

Zenbatasunezko azterketak hizkuntzaren alorrean askotan halako desegokitasuna baldin badu ere, egokiago bide datozkio nolakotasunezko azterketak.